Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 06-08-2017

Blues jaialdi arrakastatsua izan da aurtengoa

Blues jaialdi arrakastatsua izan da aurtengoa


Musikaren kalitatea eta partehartzearen aldetik aparteko edizioa izan da hamabigarrena.

Bluesaldiaren lau egun sakonak igaro ondoren, Hondarribia Blues Festival (HBF) jaialdiaren antolatzaileek balantze guztiz positiboa egin dute hamabigarren edizio honi begira. Hala bildu den jende kopuruak, oraingoan ere jende ugari izan baita programatutako ekitaldi guztietan, nola parte hartu duten taldeen eta bakarlarien kalitateak aurreko edizioak gainditu dituzte, eta aurtengoa bikaina izan dela besterik ezin da esan.

Hasierako ekitaldia, hilaren 13an, jada hasi zen erakusten gainerako egunak zer-nolakoak izango ziren. Lehen ekitaldi horietan erabateko betealdia izan zen, oso bereziki Zac Harmon beteranoaren saioan, eta hark oso urruti jarri zuen musika kalitatearen helburua. Goizez, Itsas Etxeko auditorioak ez zuen toki nahikorik kontzertu pedagogikoaz gozatzera etorri ziren neskato eta mutiko guztientzat eta batzuek kanpoan geratu behar izan zuten leku faltagatik. Horregatik, antolatzaileak jada hasi dira bi saio egiteko aukera baloratzen, gero eta jende gehiago biltzen duen ekitaldia delako hau.

Hiria leporaino betea
Hiria leporaino beterik Espainia osoko, Europako eta Ameriketako hiri askotatik etorritako bisitariez eta blues zaleez, Hondarribia Bluesek agenda guztiz betearekin egin zien aurre gainerako egunei, eta bluesaren erritmoa eta bluesarekiko karra zabaldu ziren Bendako eszenatokitik hasi, itsas bazterrean, eta San Pedro kale ederreraino eta Arma plaza ikusgarriraino.

Lau egunetan izan dira komunikazio uneak publikoaren eta artisten artean, herriko kaleetan nahiz eszenatokietan, inolako zalantzarik gabe, horixe baita lehiaketa honen nortasun ezaugarri nagusia. Une gorenetako bat larunbat gauean bizi izan zen David de Jorge sukaldariak Hondarribia Blues 2017 saria eman zionean Charlie Baty gitarra jotzaile estatubatuar handiari. Baty, bere herrialdetik kanpo iz ez badu kontzerturik eskaintzen ere, Hondarribira propio etorri zen, lehiaketa honek nazioarte mailan lortu duen ospeak erakarrita. Gogora ekarri behar da 2015. urtean, HBFk Blues Fundation saria jaso zuela, mundu mailako sari handiena, musika genero horren alorrean ekarpen handia egin dutenei ematen zaiena.

Saio bikainak izan ziren halaber Kenny Neal eta JW Jones gitarra jotzaileek, eta Charlie Baty-k berak egin zituztenak, eta ahots handiak ere entzun ahal izan dira, Willie Walker-ena, James Brown Original Band taldearena edo Annika Chambers gazte bizkorrarena, batzuk aipatzeagatik.

Era berean, harrera bikaina izan du kaleko bluesa jaialdira itzultzeak, Granujas a todo ritmo taldea eta beren txotxongilo erraldoiak protagonista zirela, azken egunean harrian barrena ibili baitziren jende guztia dantzan jarriaz eta txikienak harrituta utzirik.

Era berean, larunbateko eta igandeko bi herri bazkarietan, zenbait taldek eta bakarlarik animaturik, jende ugari izan zen, kontzertuak modu lasaiagoan, modu informalagoan, aurkezteko formula hori indartuz, Hondarribiko Bluesaldiak jada ezaugarri duena.

Baina inolako zalantzarik gabe, atzo gaueko azken saioan izan zen jaialdiko ekitaldi hoberenetako bat jam ssesion delakoarekin. Edizio honetako artista askok hartu zuten hartan parte eszenatoki berean, erritmoz, bluesarekiko karraz eta aparteko inprobisazioaz beterik. 

UDALAREN BALORAZIOA
Maria Serrano Turismo zinegotziak jaialdia “bikaina” bezala definitu du. “Oso ona izan da, bai kontzertuen kalitateari dagokionez eta baita antolakuntza aldetik ere”, dio Serranok. “Dena oso ongi atera da eta hirian zehar onarpena oso ona izan dela iruditzen zait. Aurreko urteekin konparatuta, parte hartzea eta jendearen mugimendua oraindik eta handiagoa izan da”.

“Gainontzeko erakunde eta elkarteek Hondarribia Blues Festivalarekin duten konpromezu eta lankidetza eskertu nahi nuke. Guzti honetan oso garrantzitsuak dira.  Hondarribiko Udalak jaialdiaren alde duen konpromezua argi utzi nahi nuke berriro, gure herriko udara turistiko eta kulturalaren erreferente bat izateko jarrai dezan. Blues Jaialdiaren aurrekontua 358.000 eurokoa da, oso zati handienean Hondarribiko Udalak ordaintzen duena. Gure konpromezuaren adibide argia dela uste dut” amaitu du Serranok.

Ibilgailuen sarrera erregistroa
Ostegunetik igandera guztira 146.660 ibilgailu sartu dira Hondarribian (joan den urteko jaialdiaren lau egunetan baino % 62 gehiago). Udaltzaingoak bi kontrolagailu jarri ditu aste osoan, bata Mendelun, Irundik, Iparraldetik edo Nafarroatik esate baterako datozen sarrerak zenbatzeko, eta bestea saihesbidean, gainerakoa zenbatzeko.

Ostegunean 35.003 ibilgailu sartu ziren, ostiralean 40.240, larunbatean 36.246 eta igandean 35.171. “Ezin dugu esan guztiak Bluesaldira etorri direla, baina bai jaialdiak garrantzia handia izan duela auto kopuruen etorreran” dio Serranok. “Jaialdiaz gain, hondartzara, Hondarribiaz gozatzera… etorri direnak, edo sartu eta ateratzen diren hondarribiarrak ere kopuru horretan daude”.

leer más itzuli