Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 10-05-2022

Udalbatzak aurrekontuari 7,39 milioi gehitzea onartu zuen EAJren aldeko, PSE-EE eta EH BILDUren abstentzio eta ABOTSANITZen aurkako bozkarekin

Udalbatzak aurrekontuari 7,39 milioi gehitzea onartu zuen EAJren aldeko, PSE-EE eta EH BILDUren abstentzio eta ABOTSANITZen aurkako bozkarekin

Mugikortasun Ordenantza behin-betiko onartzea aurrera atera zen ia sei ordutako saio baten ondoren

Atzoko Udalbatzak 2022ko lehen kreditu aldaketan 7,39 milioi euro gehitzea onartu zen. Ia 6 ordu iraun zuen bilkuran, Mugikortasun Ordenantza aurrera atera zen, beste zenbait punturen artean. Bidasoa ibaian bilatzen ari diren eta azken hileotan hil diren pertsona migranteen omenez minutu bateko isilunea gorde zen bilkuraren hasieran.

Bileraren lehen puntuan, Udalak eta Arkoll auzoak berehala lan talde bat sortzea onartu zen, auzoak dauzkan gabezia eta arazoei aurre egiteko. Arkolleko bi bizilagun Pleno Aretoan izan ziren euskaraz eta gaztelaniaz auzoaren egoera zehatzaren berri emateko.
EAJren aldeko botuekin 7,39 milioi euro onartu ziren. Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak eman zituen zehaztasun gehiago. “Aurtengo 24,3 milioi euroko aurrekontuari denetara 7.394.730,12 euro gehitzea onartzen dugu, apirilaren 11n egin genuen Ogasun Batzordean diktaminatu ostean.  Denetara ia 110 partida desberdin dira, Hiriko alor desberdinei eragiten dietenak.

“Besteak beste, gastu edo mantenimenduei dagokienez, 1.958.850 euro dira, horietatik 667,500 euro Zerbitzu Teknikoetara, gehienbat bide publikoen kontserbazioa eta seinalizazioarekin jarraitzeko. Kultura eta Herriko Jaietarako 400.000 euro eta argiteri publikorako beste 275.000 euro bideratuko dira, eta Ingurumenerako 218.500, besteak beste. Dirulaguntzetarako, 862.000 euro egongo dira. Inbertsioei dagokienez, 4,2 milioi euro daude dira, horietatik 798.000 hirigintzarako, 615.000 ondarerako, horietatik 500.000 San Felipe baluartean dagoen eraikin bat eskuratzeko. Horrekin batera, beste 700.000 euro bideratuko dira Saindua Gaztelekuko obra egiteko, egituran zeukan arazo larri baten konponketa kontutan hartuko duen lizitazio batekin”.

ABOTSANITZ aurka agertu zen. “Gobernu Taldeak ez ditu partidak negoziatu. Partida asko errepikakorrak dira, eta beste asko ez dakigu zer diren ere. Gobernu Taldeak asko zailtzen du bere jarrerarekin gure abstentzioa lortzea”. PSE-EE abstenitu egin zen nahiz eta “Udal Gobernu Taldeak auto-konplazentzia egoeran bizi den eta ez duen negoziatzeko jarrerarik erakutsi”. EH BILDUk abstentzioa eman zuen. “Itsusia iruditzen zaigu EAJren jarrera, ez da batere mugitu akordio bat lortzeko”.

Mugikortasun Ordenantza aurrera
Mugikortasun Ordenantza gehiengoz onartu zen. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak. “Bide luzea eta lan handia izan du ordenantzak. Eskerrak eman nahi dizkiet, Ingurumen teknikariari, Udaltzaingoari, eta Mugikortasun mahai osoari egindako lanagatik. Ordenantzaren helburuak desberdinak dira. Mugikortasun iraunkorrari buruz eta bide-segurtasunari buruz garatzen ari diren kontzeptu berriak txertatzea eta zabaltzea. Hortaz gain, bide-segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzen laguntzea, lehentasunak, eska daitezkeen jokabideak eta kaleak eta espazio publikoak erabiltzeko arauak argituz.

EAJ eta PSE-EE alde agertu ziren. ABOTSANITZ abstenitu egin zen “dituen gabeziak eta alegazioen trataera aldetik, jarraitutako formak direla eta”. EH BILDUk ere abstentzioa erabaki zuen, “dokumentazioaren zati bat gazteleraz dagoelako”.

Proposamenak eta mozioak
Aurrera atera zen denen adostasunarekin PSE-EEk aurkeztutako proposamena, “ahalik eta azkarren, beharrezko mekanismoak martxan jartzeko eta 2023an Hondarribiak hiri-autobuseko zerbitzu bat izan dezan”.

Onartu egin zen EAJk aurkeztutako proposamena, non “Udalak irmoki defendatzen duen Hondarribian kokaturiko geltokien artean burutzen diren bidaia guztietan, erabiltzen den garraiobide publikoa edozein dela ere (gure kasuan, Lurraldebus), gaur egungo MUGI sistemako 3. herribuseko tarifa kobratzea beharrezkoa dela”. EAJk alde bozkatu zuen, eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDU aurka agertu ziren.

Mozioetan, aurrera atera zen ABOTSANITZek aurkeztutakoa, “Espainiar Estatuari eta Europar Batasunari eskatzea Polonia eta Ukraina artean atxilotu zuten Pablo Gonzalez Yague kazetariaren inkomunikazioarekin amaitzea eta berehala aske uztea”. EAJ, ABOTSANITZ eta EH BILDU alde agertu ziren, eta PSE-EE abstenitu egin zen.

Denen aldeko botoekin onartu zen ere “Hondarribiko Udalak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioan kirol eremuen desafekzioa eska dezala edo erreserba eremutik kanpo utzi dezala eskatzea”.  ABOTSANITZek aurkeztu zuen.

EAJ eta ABOTSANITZek adostuta, “Hondarribiko Udalak erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Gainera, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea argi utzi nahi da”. EAJ, ABOTSANITZ eta EH BILDU ados agertu ziren, eta PSE-EE abstenitu egin zen.

Azkenik, EAJk proposatuta beste mozio bat onartu zen Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren inguruan. Bertan esaten denez, “Udalak argi eta garbi gaitzesten du Estatu subiranu baten aurkako gerra-ekintza hauek eta beste edozein Estatu subiranu baten aurkako gerra-ekintza oro. Gainera, Errusiako Federazioko presidenteari exijitzen dio Ukrainaren inbasioa berehala eteteko eta tropa guztiak Errusiara itzultzeko Giza Eskubide guztiak babestuz, eta babesa ematen die Europar Batasunak eta Estatu kideek erabakitako ekimen eta ekintza guztiei”. EAJ eta PSE-EE alde agertu ziren, eta ABOTSANITZ zein EH BILDU abstenitu egin ziren.

leer más itzuli