Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 11-01-2022

Presa I eremuan 66 alokairuko etxebizitza publiko eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur Udalak eta VISESAk

Presa I eremuan 66 alokairuko etxebizitza publiko eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur Udalak eta VISESAk

66 etxebizitzez gain, 55 aparkaleku eta 260 metro koadroko merkataritza-lokal bat eraikiko da.

Hondarribiko Udalak eta VISESAk (Etxebizitza Sailaren barne dagoen Sozietate Publikoa) Presa I eremuan 66 alokairurako babes ofizialeko etxebizitza bere garaje eta trastelekuekin, 55 aparkaleku eta 260 metro koadroko merkataritzarako lokal bat eraikitzeko hitzarmena gaur bertan sinatu dute Udaletxeko Areto Nagusian. Txomin Sagarzazu Alkatea eta Carlos Quindós VISESAko Zuzendari Nagusiak sinatu dute akordioa.

“Hondarribiarentzat garrantzia handiko akordio bat da” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Gogoratu nahi dut 2018ko azaroaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu genuela Udalak eta VISESAk, eremu hauetan 84 etxebizitza eta errotaziorako aparkalekua egiteko. Halere, egindako ikerketa geotekniko berriek erakutsitakoek eta 2020ko ekainean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra bertan behera geratzearen ondorioz arau subsidiarioetara egokitu behar izateak proiektua ezinbestean aldatzea eragin dute.

Ordutik aurrera lan bilera asko egin ditugu VISESArekin proiektua baldintza berrietara moldatzeko eta hitzarmenaren aldaketa adostu dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot VISESAri, akordioa lortzeko denen arteko lan giro ona eduki dugulako, eta laister bere fruituak emango dituena. Abenduaren 16an egindako Udalbatzan onartu egin zen akordio hau sinatzea eta gaur da eguna.

2021. urte hau berri honekin amaitzea poza ematen dit. Oso jakitun gera Hondarribian etxebizitzaren egoera zein den, eta hortan laguntzeko balioko du behintzat. Eraikuntza lanak 2022. urtean hasi eta 2024rako bukatzea da gure asmoa. VISESAk eraikiko ditu eta berea da lehiaketa deitzeko ardura”.

Carlos Quindosek, Visesako zuzendari nagusiak, gaineratu du Etxebizitza Sailburuordetzarako, Visesarentzat, proiektu honek 2021-2023 Etxebizitza Plan Zuzentzailean jasotako politika publikoak garatzeko konpromisoari erantzuten diola, zehazki, alokairu babestuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko erronkari.

Aurreikuspenen arabera, Presa I-ean obrak 2023an zehar hasiko dira eta bi urte geroago amaituko dira. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari eta Txomin Sagarzazu Alkateari bere prestutasuna, eta argi utzi nahi dut VISESArentzat akordio hau lehentasuna izango dela”.

“Udal Gobernu honek bere Agintaldi Planean etxebizitza publikoaren aldeko apustua argi egina du, eta hitzarmen hau Gobernu honen asmoen isla argia da” amaitu du Sagarzazuk.

leer más itzuli