Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 09-08-2021

Ostalaritza eta alojamendu enpresentzat dirulaguntza deialdia zabalduko du Udalak

Ostalaritza eta alojamendu enpresentzat dirulaguntza deialdia zabalduko du Udalak


Zenbait baldintza beteta, 7.000 euro bitarteko laguntzak jaso ahal izango dituzte enpresetako batzuk
Hondarribiko Udalak bigarren laguntza deialdia abian jarri du herriko ostalaritza eta alojamendu enpresei begira. Zenbait baldintza beteta, ia 7.000 euro bitarteko laguntzak jaso ahal izango dituzte enpresetako batzuk. Informazio gehiago emateko agerraldia egin dute gaur Txomin Sagarzazu Alkateak eta Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.

“Duela aste gutxi aurkeztu genuen Agintaldi Plan eguneratuan jasotzen zen gure helburu nagusietako bat zela, ostalaritza eta alojamendu enpresei une latz hauetan gure laguntza eskaintzea, ITXEKI Hondarribia! programaren barnean” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Ezinbesteko sektorea da Hondarribian, eta zentzu horretan, Udaletik hainbat bilera mantendu ditugu beraiekin, laguntza beharrean daudela esan digute eta deialdi hau beraiekin adostu egin dugula esan nahi dut. Oinarrien dekretua gaur sinatu berri dut, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, hilabete bateko epea izango dute laguntzak eskatzeko”.

Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotzia izan da proiektua aurrera eramateko ardura izan duena. “Lankidetza giro onean ari gara sektorearekin, oso jakitun gara ze egoeratan dauden, eta nere ustez, dirulaguntza potenteak dira Hondarribiko Udaletik orain abian jarriko ditugunak”.

Hobariak jaso izana eta langile kopurua
“Ostalaritza eta alojamendu enpresei zuzentzen zaizkie, Hondarribian 100-120 inguru dira. Denetara 422.850 euro bideratuko ditugu eta bi irizpide nagusi jarraitu ditugu. Alde batetik, 2021 urterako onartutako bide publikoa okupatzeko tasaren salbuespenaren onura jaso duten eta ez dutenen artean laguntza desberdinak izango dira, eta beste alde batetik, langile kopurua kontutan hartu dugu: 10 langiletik gorako enpresak, 4 eta 10 langile artekoak, eta 1 eta 3 artekoak” zehaztu du Serranok.

Hala, 2021 urterako onartutako bide publikoa okupatzeko tasaren salbuespenaren onura jaso ez duten establezimenduek honako laguntzak jaso ahal izango dituzte:
7.000 € bitarte 10 langile baino gehiago (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.
4.000 € bitarte 4 langiletik 10 langilera bitarte (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.
2.500 € bitarte langile 1etik 3 langilera bitarte (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.

Aldiz, 2021 urterako onartutako bide publikoa okupatzeko tasaren salbuespenaren onura jaso duten establezimenduek, beste laguntza hauek jaso ahal izango dituzte:
3.500 € bitarte 10 langile baino gehiago (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.
2.000 € bitarte 4 langiletik 10 langilera bitarte (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.
1.000 € bitarte langile 1etik 3 langilera bitarte (autonomoak eta soldatakoak) badituzte.
“Datozen egunotan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta hortik aurrera, hilabeteko epea irekiko da. Informazio guztia hor agertuko da eta Udaletik esfortzua egingo dugu enpresa guztiek jaso dezaten informazio osoa” amaitu du Serranok.

leer más itzuli