Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 13-07-2021

Hondarribiko 12 kale edo gune berriritartzeko 6 milioi euroko proiektua eramango du Gobernu Taldeak osteguneko Plenora

Hondarribiko 12 kale edo gune berriritartzeko 6 milioi euroko proiektua eramango du Gobernu Taldeak osteguneko Plenora

Sare konpontzaileen plaza izendatzea, Vicente Ferrer GKEri emergentziazko dirulaguntza bat ematea eta Azeri Arku Tiraketarekin bere XX. urteurrenean laguntzea ere jorratuko dira

Ostegun arratsaldez plenoa egongo da Hondarribiko Udalean. Ia 20 puntu izango ditu, eta garrantzitsuenen inguruan azalpenak emateko agerraldia egin dute gaur Areto Nagusian Txomin Sagarzazu Alkateak, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Kirol zinegotziak, eta Gotzone Larrartek, Berdintasun eta Lankidetzarako zinegotziak.
Txomin Sagarzazuk adierazi duenez, “aurrez aurreko Udalbatza egingo dugu segurtasun-neurriak errespetatuz osasun-datuek eta arauek horretarako aukera ematen digutelako. Zinegotziak eta ezinbesteko udal langilegoa egongo da bertan, eta gainontzekoek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, orain artean egiten den moduan”.
“Gai asko jorratuko dira, eta hiru atal nagusietan banatuko nituzke: Mugikortasun jasangarriari lotutakoak, Elkarteekiko loturak sendotzeko proposamenak eta Berdintasun planaren beste ekimen bat, hain zuzen ere Sare Konpontzaileen Plaza izendatzeko proposamena”.
12 kale edo gune egokitzeko
Juan Luis Silanes zinegotziak zera esan du. “Bereziki aipatu nahiko nuke, hondarribiarrentzat eta bere egunerokotasunean zeresana izango duen Hondarribia Mugitzen Ari da proiektuaren barnean hiriko 12 kale berriritartzeko onartu nahi dugun proiektua. Joan den ostegunean batzordean jorratu genuen eta orain hurrengo urratsa eman behar dugu, gero udazkenean lehiaketa publikora ateratzeko.
“12 kale eta ibilbideen berriritartze eta egokitzea bilatu nahi da 6 milioi euroko aurrekontuarekin. Axular kalea, Baserritar Etorbidea, Bidasoa Ibilbidea, Donostia kalea, Gibeleta, Harresilanda, Irun, Kosta, Nestor Basterretxea, Sabin Arana, Txiplao industrialdea eta Zezen plaza. 21 hilabeteko iraupena izango duen konplexutasun handiko proiektua da, eta sail desberdinen koordinazioa ezinbestekoa izan da: Hirigintza, Ingurumena, Udaltzaingoa, Txingudiko Zerbitzuak... eskerrak eman nahi diet denei.
“Ingurumen eta mugikortasunaren ikuspuntutik proiektua klabea da. Hirian zehar hobetzeko moduan zeuden 12 kale hauek identifikatu egin ditugu, eta orain, PMUS edo mugikortasun plana aintzat hartuta, gure asmoa oinezkoa, bizikleta eta garraio publikoa lehenestea da. Pasa den astean Mugikortasun Mahaia elkartu zen eta proiektua azaldu egin genien. Ikastetxeetako zuzendariei eta Guraso Elkarteei ere aurkeztu diegu. Hondarribia atseginago bat bilatzen dugu. Ostegunean onartzen bada, datorren astean prentsaurreko bat eman nahi dugu, zehaztasun guztiak emateko”.
Hiri-autobuseko espedientea hastea
“Plenoko 15. puntuan, hiri-autobuseko zerbitzua abian jartzeko espedientea hasteko proposamena eramango dugu. Azken urteetan hiri barneko autobusaren inguruan lanketa handia egin da, aukera guztiak aztertu eta landu dira. Ostegunean onartuz gero, lehen urratsa emango dugu espedienteari hasera emanez. 50.000 biztanletik beherako herriek ez dute zertan egin behar, baina egokia iruditu zaigu Hondarribiak lan horiek hastea” esan du Silanesek.
“Gainera, Azeri Arku Tiraketa Elkarteari dirulaguntza bat emango zaio 20. Urteurrena ospatuko dute eta aurten”.
Sare konpontzaileen plaza
“Osteguneko plenoak eramango dituen baste zenbait puntu ere aipatu nahi nituzke” gehitu du Gotzone Larrarte zinegotziak. Alde batetik, Hiritarrak Batzordetik Arrantzaleen Hermandadearen aurrean dagoen plazatxoari Sare konpontzaileen plaza deitzea onartu nahi da. EMEKI Elkartearen lankidetzarekin, emakumeak eta egiten duten lana ikustaraztea da helburu nagusietako bat, eta beste urrats bat ematen dugu horrela.
Udalak Berdintasun Plana 2020ko martxoan onartu zuen. Ordutik hona ibilbidea egin dugu, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna ezinbestekoa baita. Planak lau bloke nagusi ditu, abian jartzen ari garenak, eta emakumeen bisibilitatea handitzea horietako batean dago.
“Hortaz gain, Fundación Vicente Ferrer Gobernuz Kanpoko Erakundeari emergentziazko diru laguntza bat ematea proposatuko dugu. 3.000 eurokoa izango da, gure eskuetan dagoena egin behar dugulako hain gaizki pasatzen ari den Indiari laguntzeko” amaitu du Larrartek.

leer más itzuli