Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 12-05-2021

Plenoak aurrekontuari 12 milioi gehitzea erabaki du 15 aldeko botoekin eta 2 abstentziorekin

Plenoak aurrekontuari 12 milioi gehitzea erabaki du 15 aldeko botoekin eta 2 abstentziorekin


Ia lau orduz luzatu zen ohiko osoko bilkurak onartu zuen 12.002.934,86 euro sartzea 2021eko aurrekontuan, lehen kreditu aldaketa baliatuz. EAJk, ABOTSANITZek eta PSE-EEk aldeko botoa eman zuten, eta EH BILDUk abstentzioaren alde egin zuen.

Era berean, Denda kaleko bi plaza izendatzea onartu zen, Agustiña Genua eta Petra Laborda izenekin. Gainera, ABOTSANITZ eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako lau mozio onartu ziren.

Juan Mari Altuna Ogasuneko zinegotziak aldaketaren partida garrantzitsuaren xehetasunak azaldu zituen. “12 milioi euroko proposamen bat dakargu, joan den osteguneko Ogasun Batzordeak emana. Kontuan izan behar da 25 milioiko aurrekontuari %10eko igoera egin geniola iazkoarekin alderatuta. Gure erronka hondarribiarrei behar bezala erantzutea eta Hondarribiko bizitzan eta garapenean ahalik eta inpakturik handiena lortzea da. Herritarrak ardatz da gure leloa.

"Aldaketa egiteko EAJren proposamena 11 milioikoa zen, eta horri ABOTSANITZekin adostutako 820.000 euro eta PSE-EErekin adostutako 187.500 euro gehitu behar zaizkio. Eskerrak eman nahi dizkiet alderdi guztiei izan duten jarreragatik, negoziatu dugulako eta akordioak lortu ditugulako, eta hau da bidea. Argi daukagu" esan zuen Txomin Sagarzazu Alkateak.

Gastu sozialerako 2,12 milioi bideratuko dira, ekonomiaren sustapenerako 594.000 euro, Udalerria atalerako 8,5 milioi eta Udala ardatz estrategikorako 748.000€. Gastu sozialean, aipatzekoak dira hainbat kirol talderi emango zaizkien 695.000 euroko laguntzak, gaueko eta eguneko harrera zerbitzuetarako 200.000€, Liburutegian egokitzapen lanak egiteko 193.000, edota batez ere Satarka eta Bordari zentroetan 130.000 euroko inbertsioak adibidez.

Hondarribiko ekonomia sustatzeko atalean, 190.000€ turismo eta merkataritza jardueretarako, beste 150.000 euro enpresei bideratutako dirulaguntzetarako edo 111.000 euro Hondarribia Abian enplegu planerako adibidez. Udalerria ardatz estrategikoan, 6,7 milioi euro hainbat kale berriritartzeko plan nagusia martxan jartzeko, eta kaleko 7 komun jartzeko beste 538.000 daude adibidez. Udala ardatzean aldiz, 748.000 euro onartu nahi dira, gehienbat Udaltzaingoak kontserbazioa, mantenua eta inbertsioak egiteko.

Aldeko bozkak
ABOTSANITZek aldeko botoa eman zuen. "Negoziaziorako jarrera mahai gainean jarri nahi dugu. Eskertzekoa da. Hala ere, zalantza asko ditugu Gobernu Taldearen ahalmen exekutiboaz, eta ez dakigu zenbat gastatu ahal izango den. Uste dugu beharrezkoa dela gastuaren gauzatzea kontrolatuko duen batzorde bat sortzea".

PSE-EEk ere baiezko botoa eman zuen. "Bost partida negoziatu ditugu Gobernu Taldearekin, eta garrantzitsuak direla uste dugu eta herrian eragina izango dutela".

EH BILDU abstenitu egin zen esanez "Gobernu Taldeak ez du sinesgarritasunik. Agintaldi Plana ez digu oraindik aurkeztu eta horrela zaila da oposizio lana egitea, irizpide argirik gabe gobernatzen ari dira".

Onartutako lau mozio
Aho batez onartu zen ABOTSANITZek EAJrekin negoziatutako COVID diru-laguntzen programa berriari buruzko mozioa, ostalaritzarako, hoteletarako eta nekazal-turismoko establezimenduetarako laguntzak aterako baitira lehenik eta behin".

Aho batez atera zen aurrera, ABOTSANITZek autokarabanei buruz aurkeztutakoa, autokarabanei buruzko udal-araudia aurrera eramateko eta Udalak autokarabanentzako eremu bat bidera dezan.

Bertaratutako guztien baiezko botoarekin, PSE-EEk aurkeztutako eta EAJrekin transakzionatutako beste mozio bat onartu zen, BAZek eskaintzen duen zerbitzuaren hobekuntza aztertzeko.

17 botorekin aurrera egin zuen PSE-EEk eta EAJk adostutakoa, datozen urtetako TAOko agenteen plazak osatzeko prozesua abian jarri dadin ahal den azkarren.

leer más itzuli