Usabal

Gaurkotasun Buletina Data: 10-09-2021




Ze zapatila behar ditut korrika egiteko?

Ze zapatila behar ditut korrika egiteko?

ITURRIA: Sportlife 
Zapatilak korrikalarientzat ekipamendu garrantzitsuena dira, izan ere zapatila on bat aukeratzeak hainbat lesio saihestu ditzake. Korrika egiteko zapatila batzuk erosterakoan lehenik eta behin zein azalera motaren gainean erabili behar dituzun erabaki behar duzu. Izan ere, zolak desberdinak izango dira zure entrenamendu eta lasterketak pistan, mendian, lurrean edo kalean egiten dituzun arabera. Lehen pausoa gainditu ondoren, neurri egokia aukeratzen duzula ziurtatu behar duzu, beraz behar adina debora hartu ezazu hau begiratzeko eta ez zaitez zure kaleko oinetakoen edo zapatila zaharren neurriaz fidatu. 

Bi oinetan jarri itzazu, eta behatz luzeenaren eta puntaren artean zentimetro-erdi inguruko tartea sobratzen dela egiaztatu. Honela, ariketa egiten zaudela oina mugitzen ez dela ziurtatuko duzu, urratuak, babak edo lesio bat eragin dezaketen egonkortasun arazoak saihestuz. Oinetakoaren orkoia desberdina da modeloaren arabera, beraz alboetan estutzen ez duela baina oinbularrean ondo eutsita geratzen dela ziurtatu. Kontutan hartu beharreko beste elementu garrantzitsu bat zure oinazpiko arku-mota da. Ziurrenik, beti ez bada ere, honek nola zapaltzen duzun esango dizu. Zein arku mota duzun jakiteko, dutxatik irteterakoan uzten duzun oinatzari begiratu besterik ez duzu. Oin sakona: orpoaren eta oinaren aurrealdearen arteko lotura lerro oso estu bat da, eta batzuetan baliteke hau ere ez egotea. 

Arkua oso altua duten oinek talkak xurgatzeko zailtasunak dituzte, eta supinatzaileak izan ohi dira. Indargetze ona eta malgutasun handia duten oinetakoak gomendatzen dira, honela berez murriztua den oinaren mugikortasuna hobetzeko. Mugimendua kontrolatzeko eta egonkortasuna hobetzeko ezaugarriak dituzten oinetakoak saihestu behar dira, pronazioa murrizten baitute. Oin arrunta: oinaren aurrealdea eta orpoa lotzen duen gunearen zabalera, arkuaren ondoan, orpoaren aztarnarena baina pixka bat txikiagoa da. Oin arrunt batek lehendabizi orpoaren kanpoaldeko aldearekin ukitzen du lurra, eta berehala barrualderantz okertzen da apur bat talka modu egokian xurgatu ahal izateko. 

Modu neutro batean zapaltzen du. Egonkorrak diren eta pronazioa kontrolatzeko neurrizko ezaugarriak dituzten oinetakoak gomendatzen dira. Oin laua: ohikoa baino gutxiago nabarmentzen da; oinutsik utzitako oinatzak oinetako baten aztarna dirudi. Pronaziorako joera adierazi ohi du: lurra lehendabizi orpoaren kanpoaldearekin ukitzen du baita ere, baina ondoren oina behar baino gehiago okertzen da barrualderantz. Egonkortasuna eta pronazioa kontrolatzen duten oinetakoak gomendatzen dira, zola-erdi sendoekin. 

Ez dira inola ere gomendatzen indargetze gehiegi duten eta egonkortasuna kontrolatzeko ezaugarri berezirik ez dituzten oinetakoak. Azkenik, nola zapaltzen dugun begiratu behar dugu, hau da, “pronatzaileak”, “supinatzaileak” edota “neutroak” garen. Korrika egiten ari garela, gure oinak hiru fasetako mugimendu bat egiten du: lehendabizikoa lurrarekin talka; bigarrena bermea, eta hirugarrena aurreko aldearekin bultzada. Oina bermatzerako orduan hau zein aldetarantz okertzen den da desberdintasun nagusia. Barrurantz bada, pronatzaileak gara, eta kanpoalderantz bada, aldiz, supinatzaileak izango gara. Modu neutroan zapaltzen dutenek ez dute inongo alboko desplazamendurik egiten.

Gehiago itzuli